Imagen 033_72
IMG_1592_1_72

Iratiko Basoa

Pagoz eta izeiz osatutako Europako baso zabalena da, baita ondoen zaindu dutena ere. Bertako ibilbideak oso atseginak eta errazak dira, oinez egiteko edota BTTan ibiltzeko ezin hobeak. Urte osoan zehar bisita daiteke, eta paraje kameleoikoa da. Izan ere, kolore eta sentsazio oso ezberdinak eskaintzen ditu urtaro bakoitzean, bisitaria uneoro harrituz. Toki berezia eta sorpresaz beterikoa.

Belaguako Bailara

Oso paraje ederra da. Erronkariko iparraldean kokatua, Frantziarekin eta Aragoirekin egiten du muga. Paisaia ezberdinak topatuko ditu hemen bisitariak: zelai berde zabalak Pirinioetako mendi altuetan, izei-basoak, mendi arrokatsuak… Ekosistema naturala, anitza eta xarmagarria.

Erronkariko Bailara

Bere kokapen geografikoagatik, mugan kokatuta egoteagatik eta iristeko zaila izateagatik, Erronkariko Bailaran bat egiten dute historiak, tradizioak eta naturak. Bailara osatzen duten herriak honakoak dira: Izaba, Uztarroze, Urzainki, Erronkari, Garde, Bidankoze eta Burgi. Bizilagunek hainbat festa ospatzen dituzte ohiturak gogorarazi edota momentu historikoak gure garaira berriro ekartzeko: Hiru Behiei Omenaldia, Almadiaren Eguna… Historiaz eta naturaz gain, bisitariak kalitatezko gastronomia tradizionalaz gozatu ahal izango du, Erronkariko gaztarekin edota artzainen ogi-mamiekin.

Larra

Belaguako Bailarako gune altuenean kokatutako mendigunea da, kareharrizko formazioa da eta 2.000 metrotik gora ditu. Multzo karstiko irregularra eta malkartsua da, oso garrantzitsua, gainera. Urak barrunbe sakonak sortu ditu, eta benetako espeleologia-parke bihurtu du. Bisitariak munduko simarik sakonenetako bat topatuko du bertan, San Martinekoa, 1.360 metro baino gehiago dituena.

Mendiguneko zonalde altuenetan pinu beltzak daude. Pinu horiek arroka artean botatzen dituzte sustraiak, horretarako aukera gutxi eskaintzen dizkieten tarte txikietan. Ukerdiko Erreserba Integral Babestua osatzen dute.

Izaba

Asolaze Kanpina Izaban dago. Izaba da Erronkarin bizilagun gehien dituen herria, baita zerbitzu gehien eskaintzen dituena ere: merkatalguneak, tabernak, jatetxeak, pilotalekua, zinema, anbulatorioa…

Herri txikia eta atsegina da. Belaguako Ateak edota Ezkaurre mendia ikus daitezke bertatik. Horiexek osatzen dituzte herriaren muga naturalak. Etxeak modu tradizionalean eraikita daude, fatxadak harrizkoak dira, egiturak egurrezkoak, teilatuak bi/lau uretakoak eta kaleak harriztatuak. Herriak eskaintzen duen lasaitasunaz eta tradizioez gozatu ahal izango du bisitariak.